Espainiako Bankuak Europako Banku Zentralari ematen dizkion datuak ez dira UTB ezta batezbesteko sinpleak ere

Behin eta berriz errepikatu dugu IRPHa kalkulatzeko metodoak kale egiten duela, eta kritikatu izan dugu UTB interesak erabiltzea (komisioek eta ordainketen aldizkakotasunak eragindakoak) eta batez besteko sinple ez haztatu gisa kalkulatzea ere.

Europako Banku Zentralak ez du horrela egin, eta horren froga da MIR.M.ES.B.A2C.A.R.A.2250.EUR.N (Bank interest rates – loans to households for house purchase – Spain) seriea bat datorrela Espainiako Bankuaren Estatistika Aldizkariko 19_4.2 seriearekin. Serie hori hileko batez besteko haztatua da, TEDR datuekin, eta Gorenak 2025/11/11n IRPHri buruz emandako epaien gure azterketa ekonomiko eta finantzarioan aurreratu genuen bezala, erreferentzia egokia dira desorekaren ebaluazioa egiteko. Hori aplikatzen du gure desoreka-kalkulagailuak.

Goiko grafikoak bi serieak berdinak direla erakusten du, salbuespen batekin: Europako Banku Zentralak erakusten duena 3 urte gehiagokoa da, eta 2000ko urtarriletik aurrerako datuak ematen ditu, 2003ko urtarriletik aurrerakoak izan beharrean. Informazio horrekin gure desoreka-kalkulagailua eguneratu dugu, eta, orain, 2000ko urtarriletik aurrerako mailegueztzat desoreka kalkulatzeko aukera ematen du.

europako indikadoreei buruz 2016an hitz egin genuen hemen.

IRPH Stop Gipuzkoak IRPH hipoteken desoreka frogatzeko kalkulagailua argitaratu du

IRPH Stop Gipuzkoak IRPH hipoteken %99an desoreka frogatzeko kalkulagailu bat argitaratu du.

Tresna online dago eskuragarri, doan, abokatuek eta kaltetuek erabil dezaten.

Europako Auzitegiaren irizpideei jarraitzen die eta Gorenaren akatsak zuzentzen ditu.

Desoreka dago Gorenak ontzat eman zuen maileguan ere.

Kalkulagailua erabiltzeko esteka:

Calculadora de desequilibrio en el contrato

Gorenaren epaien azterketa ekonomiko-finantzarioa: tutik ere ez dakite!

IRPH STOP GIPUZKOAK AUZITEGI GORENAREN AZKEN EPAIAK DESMUNTATZEN DITUEN AZTERKETA EKONOMIKO-FINANTZARIOA ARGITARATU DU

TXOSTENAK MODU UKAEZINEAN ERAKUSTEN DU GORENAREN EZJAKINTASUNA

EPAIETAN EGINDAKO AKATSAK AZALERATZEN DITU ETA EMAITZAK KLAUSULA BERTAN BEHERA UZTEA IZAN BEHAR ZUELA FROGATZEN DU

SALATZEN DU GORENAK EZ DITUELA IRPH ETA EURIBORRAREN KALKULU-METODOAK ALDERATU, EUROPAK ESKATU BEZALA

NABARMENTZEN DU TAEa EZ DELA KOMISIOEN ETA GASTUEN ERAGINEZ BAKARRIK HANDITZEN

IRPH-A MERKATUAREN BATEZ BESTEKOAREN GAINETIK JARDUTEN DUELA FROGATZEN DU ANALISI ESTATISTIKO BATEN BITARTEZ

Donostia, 2025-11-16

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak Auzitegi Gorenak 2025eko azaroaren 11n IRPHaren inguruan emandako epaien azterketa ekonomiko-finantzario hau argitaratu du, ondorengo azpitituluarekin: “zergatik esan dezakegun IRPHa beti dela abusuzkoa eta Gorenak ez dakiela nola kalkulatzen den UTB-a”.

Txostena jaitsi.

Titularrik aipagarrienak goian adierazitakoak dira.

Txostena patxadaz irakurtzera gonbidatzen zaituztegu. Baita ahalik eta gehien zabaltzera ere.

IRPH: Gorenaren ustez interes bikoitza ordaintzea ez da neurriz kanpokoa. Epaien premiazko balorazioa.

IRPH: GORENAREN USTEZ INTERESEN BIKOITZA ORDAINTZEA EZ DA NEURRIZ KANPOKOA

ONLINE ESKURAGARRI EZ ZEGOEN BOE BAT BEGIRATZEKO ARDURA OMEN ZUEN KONTSUMITZAILEAK

EPAI BERRIEK BERRIRO BIHURRITU DUTE EUROPAKO JURISPRUDENTZIA BANKUEI MESEDE EGITEKO, BAINA HALA ETA GUZTIZ ERE, ARGI IZPIAK AGERI DIRA

EUROPAK HELARAZITAKO OHARTARAZPENAK ARRAKALA ZABALTZEN ARI DIRA, ETA LASTER IKUSIKO DUGU IRPH-A BALIOGABETZEN DUEN LEHEN EPAIA GORENEAN

Donostia, 2025-11-13

Auzitegi Gorenak atzo, 2025eko azaroaren 12an, argitaratu zituen IRPH hipoteka-indizeari buruzko lehen bi epaiak, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak duela ia urtebete eman zuen azken erabakiaren ondoren. Bi kasuetan, Gorenak berriro ere Europako jurisprudentzia bihurritzea lortzen du, klausula baliozkoa dela ondorioztatu arte. Hala eta guztiz ere, Europako epaiak IRPHari dagokionez Gorenaren jarreran zabaltzen ari diren arrakalaren erakusgarri diren berrikuntza interesgarriak ikusten dira.

Epaiek IRPH klausula gardentasunaren eta gehiegikeriaren kontrol bikoitzaren mende jartzeko prozedura jarraitzen dute: klausulak bi kontroletan egin behar du kale baliogabetua izateko.

Bi epaietatik lehenengoan (1590/2025), Gorenak uste du klausulak gardentasun-kontrola gainditzen duela, eta, beraz, ez dela abusu-kontrolik egin behar. Epai horrek, demanda partikularra ebazteaz gain, etorkizuneko epaietan lehen eta bigarren auzialdiko auzitegiek kontuan hartu beharreko irizpideak ezartzen ditu.

Laburbilduz, Gorenaren ustez, Espainiako Bankuaren 5/94 zirkularra kontratuan aipatze hutsak gardena egiten du klausula. Europako Auzitegiak horri buruz egin dituen ohartarazpen guztien irakurketa oso berezia da. Badirudi Gorenak ahaztu egiten duela legeriak uste duela kontsumitzailea banketxearen aurrean baldintza eskasagoetan dagoela, eta banketxeak zehatz-mehatz azaldu behar dizkiola kontratuaren ondorioak. Kontratu hori izango da, ziurrenik, kontsumitzailearen bizitzako garrantzitsuena, eta etxebizitza duin bat izateko eskubidearekin lotuta dago. Europak IRPHaren berezitasunak eta konplexutasuna azpimarratu zituen, baina Gorenak nahikoa du 5/94 zirkularra aipatzea. Ez du beharrezkotzat jotzen profesionalak kontsumitzaileari azaltzea IRPHa merkatuaren batez bestekoaren gainetik egongo dela beti, eta, horregatik, aplikatu ez duen diferentzial negatiboa aplikatu behar ziola. Ez du uste beharrezkoa denik kalkulu-metodoa edota iraganeko bilakaeraz azaltzea ere, ezta erabilera minoritariokoak ez diren beste batzuekin alderatzea ere. Europaoko Epaitegiak baldintza horiei buruz esandako ezer ez du kontuan hartu.

Aipatzekoa da, gainera, 1994ko abuztuaren 3ko BOE-a, non 5/94 zirkularra kontsultatu daiteken, ez zegoela Internet bidez kontsultatzeko moduan Auzitegi Gorenak aztertutako kontratua sinatu zen unean.

Arlo honetako adituek adierazi dutenez, interpretazio horrek Europako doktrinatik urruntzen du Gorena. Gehiegi normalizatu den zerbait da, Gorenak Europako auzitegiak dioena bete behar baitu.

Puntu horretan, azpimarratzekoa da Gorenak IRPHa duten maileguei diferentzial negatiboa aplikatzeko betebeharrari uko egitea onartzeko okurrentzia berria: baieztatzen du Espainiako Bankuaren 5/94 zirkularrean adierazitako hori ez dela betebehar bat, ez jarraibide bat, ez gomendio bat, baizik eta zirkularraren irakurleak UTB terminoaren esanahia ulertzen duela eta merkatuaren batez besteko interesa kalkulatzeko gai dela ziurtatzeko modu bat. Bi objekzio. Bat: zirkularra erakundeei zuzenduta dago, pentsatzeko da banketxeek ederki nola kalkulatzen den UTBa. Bi: zirkularrak formula bat dakar, mailegu bakoitzaren datu partikularrekin elikatuta mailegu jakin horri aplikatu beharreko diferentzial negatiboa kalkulatzeko. Gainera, adibide zehatzak dituen taula bat ematen du. Beraz, ez da inolaz ere merkatuko batez bestekoa kalkulatzeko laguntza bat; mailegu partikular bakoitza beherantz zuzentzeko instrukzio bat da.

Deigarria da, halaber, Auzitegiak inolako garrantzirik ez ematea etxebizitza-plan publikoetan administrazioak diferentzial negatiboak erabili izana.

Baina balora dezagun alde positiboa: Gorenak ezarri duen baldintza (5/94 zirkularra aipatzea), kontratu kopuru handi batek ez du betetzen. Epaiak ezartzen du, gainera, kontratu askotan agertzen den 8/90 zirkularrari buruzko aipamena ez dela nahikoa. Epai horren arabera, 5/94 zirkularrari erreferentzia egiten ez dioten kontratuak ezingo dira gardenak izan, salbu eta bankuak frogatzen badu kontratuan sartu duela edo beste bitarteko batzuen bidez azaldu duela IRPHa UTB tipoen batez bestekoa dela eta diferentzial negatiboa behar duela, besteak beste. Uste dugu azken hau ezin izango dela ia inoiz frogatu.

Epaian aztertutako kasu partikularrean, Kutxabanken kontratuak 5/94 zirkularra aipatzen du, baina esan dezakegu kasu arraroa dela, baita erakunde horren kontratuen artean ere, normalean indizearen definizio osatugabea ekartzen baitute, inolako erreferentzia gehigarririk gabe.

Atzo ezagututako bigarren epaian (1591/2025), klausulak ez du gardentasun-kontrola gainditzen, eta, beraz, abusu-kontrola egiten zaio. Gorenak uste du kontrol hori gainditu egiten dela, eta, beraz, berriro ontzat eman du klausula. Aurreko epaiaren antzera, kasu partikularra aztertzeaz gain, epaia baliatzen du epaitegiek kontrol hori egiteko jarraitu beharreko irizpidea ezartzeko.

Abusu-kontrolean, epaileak ebaluatu behar du profesionalak fede onez jarduteko betebeharra bete ote duen eta emaitzan desorekarik dagoen ala ez.

Lehenago, Gorenak adierazi zuen ezin dela fede txarrik egon IRPH aplikatzean, indize ofiziala delako. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak erabat zuzendu du burutazio hori, eta gogorarazi du ebaluatu beharrekoa dela profesionalak pentsa ote zezakeen klausula gardentasunez azaldu izan balu kontsumitzaileak klasula ez lukeela onartuko. IRPH klausula gardena ez bada, bezeroari ez zaiolako ohartarazi bere interes-tasa merkatu-tasaren gainetik egongo dela beti, horrek berak argi eta garbi ondorioztatzen du bezeroak ez zuela onartuko. Beraz, fede onik eza agerikoa da, baina Gorenak ez du horri buruzko azalpenik eman eta desoreka ote dagoen ala ez aztertzera mugatu da.

Horretarako, kontratazioaren unea aztertu behar dela adierazi du, kontratuaren unean dagoen IRPHaren balioa gehi diferentziala kalkulatu behar dela, eta merkatuaren balio adierazgarri batekin alderatu behar dela, baita kontratuaren hasierako tasa finkoarekin ere, halakorik balu. Ondoren, zenbaki-entsalada bat aurkezten du, trileroaren jokoa gogorarazten duena. Irrigarria da interes-tasa aldakorra duen 40 urteko kontratu batean desoreka ebaluatzea kontratazioaren uneko zenbaki-balioa soilik kontuan hartuta. Garrantzitsuena, jakina, etorkizuneko bilakaera da. Bankuek eta Gorenak diote ezin dela aurreikusi, baina ez da hala: IRPHa kalkulatzeko metodoagatik beragatik jakina da kontratuek, diferentzial negatiboa izan ezean, merkatuko batez bestekoaren gainetik jardungo dutela bizitza osoan. Zer gehiago behar da desoreka frogatzeko? Hau profesionalak ezagutzen zuen eta kontsumitzaileak ez.

Baina Auzitegi Gorenak aurkezten duen zenbaki-entsalada irizpide pixka batekin ondu dezagun orain. Lehenik eta behin, proposatu du alderatzea IRPHaren hasierako balioa eta kontratuaren lehen aldiko tasa finkoa. Horrek ez du inolako garrantzirik. Gardentasun-kontrola ez da gainditu, eta, beraz, frogatuta dago kontsumitzaileak ez duela informazio nahikorik izan maileguak ekarriko dion karga ekonomikoa ebaluatzeko, ez eta merkatuaren errealitatearekin alderatzeko ere. Gardena ez den kontratu horren hasierako tasa finkoa handiagoa edo txikiagoa izatea ez da garrantzitsua desoreka dagoen ebaluatzeko.

Ondoren, zenbait balio estatistikorekin alderatzea planteatzen da, eta horrek zentzua izan maileguak bizitza osoan merkatu-motaren gainetik jardungo duela ez bageneki. Datu estatistiko horietatik lehena familia eta sozietateentzako mailegu-eragiketa berrien batez besteko bat da. Auzitegi Gorenak baieztatu du, frogatu gabe, familiak ez ezik sozietateak ere sartzeak ez duela emaitza gehiegi aldatzen, eta ez du justifikatzen zergatik alderatu beharko liratekeen hipoteka-mailegu bat eta kontsumo-maileguak, zeinak, jakina, askoz garestiagoak izan ohi diren.

Alderatzeko proposatzen dituen beste estatistika-datu batzuk Espaniako Estatistikako Institutu Nazionalak hipoteka-maileguetarako argitaratzen dituenak dira.

Epaiak dio desoreka dagoela pentsatu ahal izateko «desproportzioak oso agerikoa izan behar duela». Eta aztertutako kasuan, non kontratazioaren unean IRPH gehi bere diferentziala % 6,294 zen eta INEren arabera batez besteko tasa % 5,27 zen, Auzitegiak uste du ez dela desoreka hori gertatzen. Ehuneko puntu bat baino gehiago ez zaie neurriz kanpokoa iruditzen? Itzul dezagun alde hori eurotara, eta lortuko dugu interesen bikoitza ordaintzeaz ari garela. Norbaitek defenda al dezake interesen bikoitza ordaintzea ez dela neurriz kanpokoa? Epaiak ez du ez hanka ez buru.

Izan ere, 40 urterako 200.000 euroko mailegu bat, % 6,294ko tasarekin, 1.140 euroko kuotan ateratzen da, eta 348.000 euroko interesak ordaindu behar dira guztira.

Tasa % 5,27koa balitz, hau da, INEren arabera data hartako hipoteka-maileguen batez bestekoa, 1.140 euroko kuota bererako mailegua 28 urterako kontratatu zitekeen, eta ordaindu beharreko interesak 183.000 euro izango lirateke guztira. Ia erdia. 165.000 euroko aldea. Zenbateko hori ez bazaie neurriz kanpokoa iruditzen magistratu jaun-andreei galdetu behar zaie zenbat ordaintzen ari garen jende horri. Jakinik egiten duten lana akastuna dela Europak behin eta berriz zuzendu behar baitu.

Laburbilduz, nahiz eta mundu guztiak esan Auzitegi Gorenak Europako ebazpenak bankuaren alde berrinterpretatzeko joera nabarmena duela, eta guk ez dugu hori ukatuko, premiazko lehen balorazio honetan argi izpiak hautematen ditugu, eta uste dugu irizpide horiei jarraituz laster ikusiko dugula Auzitegi Gorena IRPHa baliogabetzen duen lehen epaia ematera behartuta.

IRPHaren aurkako epai historikoa: mailegua erabat baliogabetu du Europari galdetu zion epaileak

IRPH-AREN AURKAKO EPAI HISTORIKOA: EUROPAKO AUZITEGIARI GALDETU ZION EPAILEAK MAILEGUA ERABAT BALIOGABETU DU

EPAIPAK 200.000 EUROKO ONURA EKAR DIEZAIOKE BEZEROARI

KUTXABANK EPAILEA ENGAINATZEN SAIATU ZELA ERAKUSTEN DU EPAIAK

IRPH STOP GIPUZKOAK OSO ONTZAT JO DU BERRIA

AUZITEGI GORENAK EZINGO DU IRPH ONTZAT EMAN PREBARIKATU GABE

Donostian, 2025eko apirilaren 13an

Eva Cerón Donostiako epaitegiko magistratuak, Europako Auzitegiak IRPHari buruz emandako azken epaia eragin zuenak, martxoaren 28an argitaratu zuen bere epaia, IRPHaren aurkako erabaki historiko eta suntsitzaile batekin.

Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek beren webgunean (http://abogadosres.com/wp-content/uploads/2025/04/2025.03.31-SENTENTZIA-IRPH-DONOSTIA-RES-ABOGADOS.pdf) argitaratu duten epaian ikus daitekeenez, epaileak Europak ezarritako irizpideak aplikatzen ditu klausulak gardentasunaren eta orekaren kontrola gainditzen ez dituela ondorioztatzeko.

Epaiaren arabera, gainera, salatua izan den banketxea, Kutxabank, Europako auzitegiaren doktrina bihurritzen saiatu zen, esanez Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren arabera gardentasunaren baldintza betetzen dela IRPHaren balioak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratze hutsagatik. Epaileak Kutxabanki aurpegiratu dio Europako epaiaren argudioa ez duela osorik erreproduzitu, eta letra lodiz erreproduzitu du Kutxabankek ezkutatu duen zatia. Zati horretan, Europako epaitegiak ezartzen du BOEn argitaratutako informazioa iturri ona izan daitekeela, betiere kontsumitzaileak informazio horretara iristeko aukera izan badu erakundeak emandako argibideei esker.

Epaileak Kutxabanki aurpegiratu dio kontratuan jasotako IRPHaren definizioa osatugabea dela, eta kontsumitzailea ez duela igortzen informatzeko helbide fidagarri batera, epai eruparrak berak nabarmendu zuenez. Guztiz ezohikoa da Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak kasu zehatza aztertzea, epaile nazionalek aplikatu beharreko irizpide orokorrak ezartzera mugatzen baita. Espainiako Auzitegi Gorenak aurreko epaiei entzungor egin izanak eragina izan dezake IRPHaren aurkako Europako azken epaiaren suhartasunean.

Baldintza horietan, Espainiako Auzitegi Gorenak benetan zaila du IRPHaren baliozkotasuna defendatzeko ohiko ildoan jarraitzea. Bere aurreko epaiek Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren doktrinaren interpretazioak egiten zituzten, zenbait legelarik irudimentsu edo are prebarikatzaile gisa jo zituztenak, eta eztabaidaezina da Europako azken epaiak berriro zuzendu duela Espainiako Gorena.

Donostiako epaileak IRPHa Europak emandako irizpideei jarraituz baliogabetu ondoren are ulertezinagoa izango litzateke Gorenak baliozkotzat jotzen jarraitzea.

IRPH klausula baliogabetzearen ondorioei dagokienez, Cerón magistratuaren epaia historikoa da; izan ere, Europako jurisprudentzia aplikatuta, kontsumitzaileak mailegua erabat baliogabetzeko eskaera onartzen du, IRPHren gehiegizko interes-tasaren ordez beste bat jarri beharrean. Baldintza horietan, kontsumitzaileak maileguaren jatorrizko zenbatekoa itzuli beharko dio bankuari, inolako interesik gabe. Bankuak, bestalde, kontsumitzaileak edozein kontzepturengatik (interesak, amortizazioa, irekiera-komisioa, etab.) ordaindutako zenbateko guztiak itzuli beharko ditu, diruaren legezko interesa gehituta. Gure kalkuluen arabera, deuseztasun-formula horren emaitza, 2006an sinatutako mailegu baterako, kontsumitzailea 190.000 euroko zorduna izatetik (amortizatzeko dagoen kopurua) erakundetik 15.000 euro kobratzera igarotzea izan daiteke. Beraz, kontsumitzailearen irabazia 200.000 eurotik gorakoa izango litzateke. Mailegua kitatuta geratzen da, eta kontsumitzaileak lasai har dezake arnasa bere jabetzakoa den eta inolako kargarik ez duen etxean.

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak, beraz, epaiaren balorazio oso positiboa egin du, eta Espainiako Auzitegi Gorenak Europako doktrina behingoz onartu zain geratu da.