IRPH: Europaren epaiaren lehen balorazioa

Azterketa sakon bat egin beharra dago, baina epaia ona da. Espainiar jusitiza, Espainiako bankuak eta Espianikao PP eta PSOEren gobernuek zaplasteko berri bat jaso dute.

Gaur albisteetan mezu kontrajarriak irakussiko dituzu. Maite Ortiz eta José María Erauskinen balorazioaren zain egoteko eskatuko dizugu.

Bitartean, epaia zuk zeuk aztertu dezazun gida hau argitaratu dugu.

IRPHa Europako Epaitegian: epaia ulertzeko gida

IRPH Stop Gipuzkoak Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak IRPHaren inguruan datorren asteartean, martxoak 3, goizeko 9etan ezagutzera emango duen epaia ulertzeko gida argitaratu du. Gida honekin epaitegiak erantzun behar dituen galderak ezagutu ditzakezu, eta alde bakoitzak defendatu duen jarrera aztertu. Gainera, behin epaia ezagututa zuk zeuk aztertu ahalko duzu gure aldekoa den ala ez.

Bi formatutan jaitsi dezakezu gida: JPG formatuan eta PDF formatuan.

[gview file=”https://irphstop.eus/wp-content/uploads/2020/02/IRPH_en_TJUE_guia_para_entender_el_proceso_200225.pdf”]

IRPHaren inguruko Europako epaia 2020ko martxoaren 3an ezagutuko dugu

Maite Ortiz eta José María Erauskin, IRPHaren aurkako epaitegietako borrokan aitzindari diren eta kasua Europar Batasuneko Justizia Epaitegira eramatea lortu duten abokatuek konfirmatu dutenez, epaitegiak jadanik jakinarazi die noiz argitaratuko duen epaia: martxoaren 3an izango da, goizeko bederatzietan, Luxenburgon.

Gogora dezagun ahozko saioa 2019ko otsailaren 25ean izan zela, eta Abokatu Nagusiaren ondorioak irailaren 10ean ezagutu zirela. Epaia ezagutzea bakarrik geratzen zen, eta azkenean badakigu noiz izango den. Guk 2020ko otsaila eta uztaila artean gertatuko zela aurreikusi genuen, eta asmatu dugu. Ados, tarte zabal xamarra jarri genuen, baina ez ahaztu izan direla aurreikuspen okerrak, eta gogora datorkigu ustez aditua den abokatu bat, Luxenburgon kontaktuak omen dituena, eta 2019ko azaroan izango zela esan zuena… 🙂

Martxoaren 3a erabakigarria izango da Maite eta Jose Marirekin duela 6 urte luze Donostiako epaitegietan abiatu genuen epaitegietako borrokan. Eta baikorrak izan gaitezke. Europako Batzordea eta Europar Epaitegiko Abokatu Nagusiak kaltedunon aldeko iritzia dute, eta ahozko saioa ongi joan zen. Gainera, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak, banketxeen aldekoa zenak, Orduña epaile ohiaren boto partikularra zuen. Eta horixe bera gertatu zen zoru-klausularen inguruko lau epaietan, zeinak Europar Epaitegiak atzera bota dituen. Baina errealistak gara: epaia gure aurkakoa izan daiteke, eta epaitegietako bidea amaitu. Eta gure aldekoa bada ere errealistak gara: Espainiako justizia sistemak ahal duen guztia egingo du ez aplikatzeko, eta banketxeen aldeko irakurketa egingo du. Gertatzen ari da. Baina prest gaude. Europatik bultzadatxo hori besterik ez dugu behar. Eta orain horren zain egotea tokatzen zaigu.

Caixabank-ek IRPHa kentzen du Gorenera helegiterik ez jartzearen truk: “isilpeko” 4 akordio argitaratzen ditugu

Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak IRPH klausulari aplikatu beharreko gardentasun betebeharrak erabakitzekotan dagoen honetan, Caixabankek gutxienez 4 kasutan IRPHa kendu eta diru kopuru bat itzultzea onartu du, Gorenean aurkezturiko helegitea bertan behera uztearen truk. Arrazoia, ziur aski, Caixabankek berak El Pais egunkariari gezurtatu dion horixe da: «ez dio Gorenak IRPHari buruzko ebazpenik ez egiteko politika bati erantzuten». Beraz bai, horixe dela ekidin nahi dutena: Gorenak Caixabanken IRPH hipoteken gainean aurrekaririk ezarriko duen epairik ebaztea.

Akordioak “isilpekoak” dira, baina Gorenak balioztatu ditu auzibideak bertan behera uzten dituzten autoen bidez, eta beraz argitara eman dira, eta eskuragarri dituzu hemen, hemen, hemen eta hemen.

Gorenari 2019ko apirila eta uztaila bitartean aurkezturiko akordioak dira, eta honek apirila eta iraila artean balioztatu ditu.

Hiru kasutan IRPHaren ordez Euribor-a jartzen da, %1 eta %0,9 diferentzialarekin, eta laugarren kasuan %2,25-eko tipo finko bat ezartzen da. Kasu guztietan dirua itzultzen zaie salaketa jarri dutenei. Itzuliteako kopuruak, gutxi gora behera, hauek dira: 4.500€, 12.500€, 13.500€ eta 17.500€

IRPH Stop Gipuzkoaren iritziz akordio hauek argi uzten dute ez dela egia banketxeak oso lasai daudela eta IRPH klausularen legezkotasuna ziurtzat jotzen dutela. Oso bestela, honek frogatzen du beldurra beste aldera igaro dela dagoeneko. Caixabankek ez du oraingoz nahi Gorenak bere IRPH maileguak aztertu ditzan. Zerbait ezkutatzeko duten seinale.

Adostu diren baldintzak ez dirudite nahikoak atzerako eragin osoz mailegua interesik gabe uztearekin alderatzen baditugu, baina hauek sinatu dituzten kaltedunekiko errespetu handiz hartzen ditugu. Tamalez jende askok ezin du gehiago itxaron, ezin du auzitan jarraitu, eta IRPHa ordaintzeari uztearekin lortu duten atseden ekonomiko eta morala handia izango da, eta horregatik zoriondu egin nahi ditugu.

Zenbat denbora beharko du IRPHaren inguruko Europaren epaiak?

Irailaren 10en Abokatu Nagusiak bere ondorioak ezagutzera eman zituenetik Europar Batasuneko Justizia Epaitegiaren zain egotea besterik ez dugu. Bi aste ere ez dira igaro, eta dagoeneko luze iritzita gaude. Zenbat denbora beharko du?

IRPHari dagokion erreferentzia, C-125/18 delakoa, 2018ko otsailean izan zen tramitera onartua, eta Epaitegiak 2018ko martxoaren 21ean jarri zuen abian prozedura, premiazko bidea erabiltzea baztertuz. Ahozko saioa 2019ko otsailaren 25ean izan zen Luxenburgon (11 hilabete beranduago), eta Maciej Szpunar Abokatu Nagusiak bere ondorioak otsailaren 24rako iragarri zituen arren, atzerapen bat egon zen eta azkenean 2019ko irailaren 10ean argitaratu zituen, prozedura hasi eta 17 hilabetetara.

Europar Batasuneko Justizia Epaitegiaren beraren estatistiken arabera, epaiketa aurretiko galderei erantzuteko bataz besteko denbora (prozedura hasi eta epai edo autoa ebatzi bitartekoa), 2018an 16 hilabetetako izan zen, aurreko urteetan baino luzexeagoa (2016an 15 hilabete izan ziren eta 2017an 15,7 hilabete). Honen arabera, C-125/18 dagoeneko bataz bestekoa baino gehiago ari da luzatzen.

Zenbat gehiago luzatuko da?

Europako Kontuen Epategiak 2017an Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak gaiak kudeatzean zuen errendimenduari buruzko txosten bat prestatu zuen, eta datu interesgarriak eman zituen. Honen arabera, epaiketa aurretiko galderen kasuan ahozko saiotik Abokatu Nagusiaren ondorioak ezagutzea 3 hilabeteko epea izaten da bataz beste. IRPHaren kasuan epea luzeagoa izan da: 6 hilabete pasatxo. Bistan da gai guztiek ez dutela zailtasun maila berdina, eta argi dago Europar Epaitegia IRPHaren gaia tentuz aztertzen ari dela. Jakina da Areto Nagusira bideratu duela, 15 epailek osaturiko tribunal batekin, eta hau garrantzia handiko gaientzat bakarrik egiten du.

Kontuen Epategiaren txostenaren arabera, Abokatu Nagusiaren ondorioetatik epaiaren argitaratzera 4,5 hilabetetako tartea izan ohi da bataz beste. Ondorioz, ezin dugu espero C-125/18 asuntoaren epaia epe hori baino lehenago ezagutzea, eta horrek 2020ko urtarrilaren amaierara garamatza.

Baina zein epe behar izan dute antzeko garrantzia duten eta gai honekin lotura duten beste kasu batzuk? Ez da erraza gai “garrantzitsuen” aukeraketa bat egitea, baina IRPH Stop Gipuzkoak Maciej Szpunar Abokatu Nagusiaren idatzian aipaturiko 10 kasu berrienak hartu ditu kontuan ,eta baita Aziz kasu famatua ere (hau ere aipatzen da idatzian, nahiz eta zaharragoa izan). Ondorengo zerrendan eta grafikan ikusi ahal den moduan, kasu gehienetan 4,5 hilabeteko bataz besteko epea gainditua izan zen:

– C-415/11: 4,1 hilabete.
– C-26/13: 2,5 hilabete.
– C-421/14: 11,6 hilabete.
– C-154/15: 5,2 hilabete.
– C-508/15 eta C-509/15: 3,1 hilabete.
– C-92/16: 9,5 hilabete.
– C-167/16: 9,5 hilabete.
– C-186/16: 4,7 hilabete.
– C‑486/16: 9,5 hilabete.
– C-51/17: 4,5 hilabete.
– C-70/17: 6,3 hilabete.

Datu hauek eskuan, uste dugu epaiak 5 eta 10 hilabete arteko epea beharko duela oraindik, eta beraz 2020ko otsaila eta uztaila artean ezagutuko genuke. Tamalez tarte handi xamarra da. Nahiago genuke oker bageunde eta askoz lehenago ezagutuko bagenu! Baina dagoeneko ia 6 urte daramatzagu IRPHaren aurkako epaitegietako borroka Donostian lehendabiziko garaipenarekin hasi genuenetik, eta ez gara orain hilabete gutxi batzugatik kokilduko. Arrazoia dugu, eta horrek itxaronaldia arinduko digu 🙂