Espainiako gobernuari exijitu diogu ez dezala berriz ere banketxeen alde egin Europako epaitegian

Gaur, 2021eko otsailaren 25ean bi urte betetzen dira Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak Luxemburgen duen egoitzan IRPH klausularen inguruko ahozko saioa ospatu zenetik. Gure webgunean saioaren kronika zabala egin genuen, eta hemen duzu ikusgai.

IRPHri egin zitzaion “lehen epaiketa europar” haren ondoren 2020ko martxoaren 3an epaia iritsi zen, Espainiako Auzitegi Gorenaren banketxeen aldeko irizpidea zuzentzen zuena. Baina epai europar hau ez da nahikoa izan Gorenak klausula baliogabetu dezan, eta horregatik bi galdera berri iritsi dira Europar Epaitegira, eta honek onartu egin ditu. Beraz IRPHaren “bigarren epaiketa europarra” laster iritsiko da.

Testuinguru horretan, eta epaiketaren bigarren urteurrenarekin, IRPH Stop Gipuzkoatik gogorarazi nahi dugu lehen epaiketa hartan PP eta PSOEren Espainiako Gobernuek banketxeen interesen alde eta hiritarren eskubideen aurka egin zutela. Horregatik, plataformatik idatzi bat helarazi diegu Espainiar Kongresuko talde guztiei. Bertan, PSOE eta Unidas Podemos-i eskatzen diegu gobernuak prozedura berrietan esku hartu dezala kaltedunen alde eginez edo gutxienez neutrala izan dadila eta ez dadila aurkeztu. Gainontzeko taldeei eskatu diegu Legez Besteko Proposamen bat aurkeztu dezatela, gobernua jarrera horretara bultzatzeko.

Taldeei bidali diegun dokumentua hemen ikus dezakezu.